Amnistia Internazionalak genero-indarkeria jasaten duten
“agiririk gabeko” emakume etorkinen babesgabetasuna salatu
du
“Goiz batean, 2005eko irailean, beste eraso
bat hasi zen, orduan aizto batekin mehatxatu ninduen. Beldurra sentitu
eta garrasika hasi nintzen. Auzokoak ohartu eta poliziari deitu zioten.
Bi agente agertu ziren, eta batek zer gertatu zen galdetu zidan. Lotsatuta,
ez nuen ezer esan. Aurpegia ubelduraz josita banuen ere, poliziak
kasua itxitzat jo zuen. Orduan dokumentazioa eskatu zidan, eta agiririk
ez nuenez, goitik behera aztertu zuen nire pasaportea. Nire datu guztiak
eman zizkion Atzerritarren Brigadari”
S.D.M. Agiririk gabeko argentinar emakumea,
genero-indarkeriaren biktima
“Genero-indarkeria jasaten duten agiririk gabeko emakume etorkinak
gainerako biktimak baino ahulagoak dira eta babes gutxiago dute”,
adierazi dute Amnistia Internazionaleko emakume-sailetik.
Genero Indarkeriaren aurkako Lege Integrala indarrean sartu ondoren,
lehen zituen kezka berak ditu Amnistia Internazionalak, agiririk gabeko
emakume atzerritarren eskubideen babesari buruz, eta, gainera, larriagotu
egin dira, Espainiako Gobernuak duela gutxi onartu dituen neurriak
direla-eta; esaterako, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren 14/2005
Instrukzioa, kolektibo horri dagokionez, polizia-etxeetan egin beharreko
jarduerei buruzkoa.
“Agiririk gabeko emakume etorkinak: genero-indarkeriaren aurrean,
noiz arte babesik gabe?” izeneko txostenean erakundeak adierazten
du genero-indarkeria jasaten duten agiririk gabeko emakume atzerritarrek
bereizketa bidegabeak jasaten dituztela, eta horrek zaildu egiten
duela kolektibo horrek erasotzaileen aurkako salaketak jartzea. Ez
dute laguntza ekonomikorik jasotzen, egoitza-baimenik ez dutelako;
abegi-etxeetako lekuak ukatzen dizkiete, eta genero-indarkerian espezializatu
gabeko gizarte-baliabideetara bidaltzen dituzte.
Hitz batez, Amnistia Internazionalaren ustez, Estatuak ez du betetzen
genero-indarkeria jasaten duten emakume guztien giza eskubideak babesteko
duen betebeharra, eta egoera "irregularrean" dauden emakumeak
diskriminatzen laguntzen du.
AI egoera hori ari da salatzen 2002tik aurrera.
Indarkeria jasan duten agiririk gabeko emakume etorkinak ikusezinak
dira administrazioarentzat, daturik ez dago-eta: zein diren eraildako
emakumeen administrazio-egoera, zenbat agiririk gabeko emakume etorkinek
aurkeztu duten salaketa eta babes-agindurik jaso duten edo aldeko
epaia lortu duten.
Ez da ahaztu behar eskatutako babes-aginduen % 24 ukatu egiten direla,
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera (2005eko urriko estatistikak).
Laguntzarik gabe, baliabiderik gabe
Amnistia Internazionalak salatu du genero-indarkeriaren agiririk gabeko
biktimei (baita babes-agindua lortu dutenei ere) ez zaizkiela bermatzen
abegi-baliabideak, eta genero-indarkeriaren biktimentzat aurreikusten
diren laguntza ekonomikoak ukatzen zaizkiela —laguntza horien
helburua biktimaren independentzia ekonomikoa indartzea da, erasotzailearengandik
askatzeko—.
Alde horretatik, zenbait legezko xedapen eta administrazio-jardunek
oztopatzen dute, baita debekatu ere, genero-indarkeria jasan duten
agiririk gabeko emakume etorkinek Lege Integralean aurreikusitako
laguntzak jasotzea, eta, beraz, kezkagarria da Espainiako Gobernuak
xedapen eta jardun horien ezabapena ez sustatzea.
Agerian geratu da zenbait autonomia-erkidegotan tutoretzapeko etxebizitzetan
eta abegi-etxeetan sartzea ukatzen zaiela, eta genero-indarkerian
espezializatu gabeko gizarte-baliabideetara bidaltzen dituztela.
Hori dela eta, Amnistia Internazionalak autonomia-erkidegoetako eta
tokiko gobernuei eskatzen die (genero-indarkeriaren biktimentzako
baliabideen kudeaketaz eskumenak dituztenei) biktimentzat diskriminatzaileak
diren arau edo jardunak kentzeko, zentro edo espezializaturiko baliabideak
galarazten dienak, biktimaren administrazio-egoera edozein izanik
ere.
Espainiako Estatuaren eta gizartearen esku dago agiririk gabeko emakume
etorkinak, genero-indarkeria jasaten dutenean, eskubideak dituzten
subjektutzat hartzea, abusu horien gainerako biktimak bezala, bizitzeko
eta segurtasun pertsonaleko eskubidea babesteko.
Amnistia Internazionalak Espainiako agintariei eta genero-indarkeria
ezabatzeko lanetan diharduten eragileei eskatu nahi die ez diskriminatzeko
arrisku eta desabantaila erantsiak dituzten emakume-sektoreak, eta
paperean jartzeaz gain, egin ere egiteko.
Egungo Gobernuak konpromisoa hartu du emakumeen giza eskubideei dagokienez,
baina emakume-sektore horren ahultasuna zuzentzeko neurri positiboak
hartu ez dituenez, eta haien egoera larriagotzen duten xedapen eta
jardunak egiten direnez, konpromiso hori zalantzagarria da.
“Agiririk gabeko emakume etorkinak: genero-indarkeriaren aurrean,
noiz arte babesik gabe?” izeneko Amnistia Internazionalaren
txosten osoa hemen: http://www.es.amnesty.org/nomasviolencia/index.php
Informazio gehiago:
Amnistia Internazionalaren Espainiako Saileko prentsa-bulegoa,
Telf., 91 310 12 77
AIren Dokumentazio Zentroa: web.amnesty.org/library/eslindex
|