Versión en castellano >>>
Andereñoek ekonomia politikoaz… ez dakite?Neoliberalismotik ateratzen: Emakumeentzako erronkak latinoamerikan Ekonomia feminista emakumeen bizitza aldatzeko Aurrerapauso batzuk egin ditugu, baina emakumeok zama izugarria dugu gaineanXochilt Acatl - Mertxe Brosa Xochilt Acatl - Darling MunguiaEmakumezkoen agenda ekonomikoaZure iritzia interesatzen zaigu!
Sira del Río eta Amaia P. Orozco.
Feministak.

Andereñoek ekonomia politikoaz… ez dakite?
«Andereñoek ekonomia politikoaz ez dakite». Horrelaxe adierazi zuen ironiaz George Elliot idazleak bere Middlemarch (1871) eleberrian, emakumeek ekonomia-sistemaren bilakaera konplexua eta garrantzi handikoa ulertzeko daukaten ustezko ezintasuna, lau haizetara aldarrikatzen dena, agerian jartzeko. Egun ere, badirudi geure burua konbentzitzeko ariketa egin behar dugula: bai, jakina, ekonomiaz badakigu, ekonomiaz hitz egin dezakegu, eta hitz egin behar dugu.

Feministok badakigu ekonomiari so egin behar diogula, ikusi, izendatu, kritikatu, proposatu, iritzia eman… behar dugula. Hau da, ekonomia ez dugu jo behar feminista gisa ditugun borrokekin zerikusirik ez duen zerbait bailitzan; ez da ulergaitza edo esoterikoa, ez da iniziatuek soilik ulertzen dutena, edo fenomeno meteorologiko baten gisakoa (‘burtsak behera egingo du, presta zaitezte zuen soldatak bere horretan gelditzeko’ esatean ‘turbulentziak datoz, segurtasun-uhalak lotu’ esango balute bezalaxe). Ekonomia horrela ikusteari utzi behar diogu. Ekonomia ez da kontu arrotza, ez da ulergaitza, eta halabehar aldagaitzik ere ez du. Horiek guztiak gure gaitasun kritikoa alde batera uzteko aitzakiak dira. Eta emakumeok, hain zuzen ere, duela asko dakigu zein interesgarria den historian zehar bertan izatea galarazi diguten arloei ekitea…

“Ekonomia eguneroko bizitza da eta, beraz, gizartekoa da, publikoa eta pribatua, pertsonala eta politikoa. Ekonomia bizitzaren iraunkortasuna da; pertsonen, pertsona guztien beharrizanak asetzeko prozesuak”
Ekonomia eguneroko bizitza da eta, beraz, gizartekoa da, publikoa eta pribatua, pertsonala eta politikoa. Ekonomia bizitzaren iraunkortasuna da; pertsonen, pertsona guztien beharrizanak asetzeko prozesuak. Ekonomiaz jardutea jendearen beharrizanak nola bermatzen diren (edo bermatzen ez diren) adieraztea da. Beharrizanei buruz hitz egin behar da, beharrizan materialei eta immaterialei buruz, ondasun ukigarrien beharrizanei eta beharrizan afektiboei buruz. Feminismoak alderdi sinbolikoaren, afektiboaren, harremanen garrantzia azpimarratzen du, eta, batez ere, hori alderdi materialetik ezin dela bereizi. Ikuspegi feminista abiapuntu duen ekonomiak adierazi egin behar du ondasunen elkar trukeen, beharrizanak gogobetetzeen atzean zer estimu eta ezinikusi dauden. Eta alderdi etiko bati heldu behar dio: zer dira beharrizanak, nola sortu, adierazi eta legitimatzen dira?. Badakigu ‘beharrezkoa’ ez dela baldintza garrantzitsuena; alderdi etiko bat da, botereak ere zerikusi handia duen kontua da. Eta hor arakatu nahi dugu.

“Merkatu kapitalistak historian erabilitako moduetako bat dira biztanleriaren zati baten beharrizanak asetzeko (edo ase daitezen eragozteko)”
Merkatu kapitalistak historian erabilitako moduetako bat dira biztanleriaren zati baten beharrizanak asetzeko (edo ase daitezen eragozteko). Ekonomia ez da dirua, ekonomia ez dira merkatuak. Ez hori bakarrik, ekonomia-modu perbertitua direla ere esan dezakegu, kapitala metatzeko beharrizana gogobetetzea bilatzen dutelako, eta ez bizia mantentzekoa. Merkatuak eta haien mozkinen logika gure gizarte- eta ekonomia-antolakundearen epizentro bilakatu dira, beren funtzionatzeko modua inposatu dute, gure gizarte-egituraren zati handi bat haien beharren arabera egin da, diru-sarreren eta bizi-kalitatearen arteko lotura estua sortu dute. Merkatuei lehentasuna ematen dien gizartean, bizia mehatxupean dago beti. Baina, horrez gain, gure diskurtso antagonikoen ardatz bihurtu dira. Horiei eskaintzen diegu gure arreta bakarra edo lehentasunezkoa, horietarako sortzen ditugu izenak eta deskribapenak, horiei eskaintzen dizkiegu orriak eta elkarrizketak, atzean duten jendea baino nortasun handiagoa duten subjektu-fetitxe bihurtzen ditugu. Aldatu dezagun arreta-gunea: kokatu ditzagun pertsonak —beren harreman, gorputz, nortasun eta sexualitateekin— gure begiradaren jomugan. Arreta egin diezaiegun pertsonei eta botereak blaitutako gizarte-harremanei. Badakigulako ekonomia ez dela merkatuaren indarrek —eskaintza eta eskari ahalguztidunak— eta meritukraziak jarduten duten eremu neutroa, botereak bere izaera erakusten duen eremua da, boterearen gustuko eremua. Ez gara ari klaseen ideian gorpuzturiko botereaz soilik; mundu globalean mota askotako menderatze-ardatzek jarduten dute-eta.

Gure diskurtsoaren erdigunean merkatuak jartzeari uzten ez diogun arte, erdigunean bizitzaren iraunkortasuna jartzen ez dugun arte, ezin izango diogu kritika zorrotzik egin gure gizarte-antolakundean diruak duen nagusitasunari. Agian, ikusi ere ozta-ozta egingo dugu, metaketaren logika kaltegarriak saihestezintasun kutsua izango duelako, fenomeno meteorologikoek duten halabeharrezko kutsu hori. Ez dugu ikusiko mozkinaren logikari lehentasuna emateak bizia beste toki batzuetatik mantentzeko beharra ekartzen duela (izan ere, mantentzen da, ezta?), ikusezin egindako ekonomiaren eremuetatik, hain zuzen ere. Ekonomia, egun, izozmendi bat da: ur azalean eusteko, nahitaez ikusezina den zati bat izatea eskatzen du eta (soldata txikikoa edo soldatarik gabekoa, ordainean ezer gutxi ematen duena edo ezer ez, gizarteak baloratzen ez duena…). Eta oinarri hori, historikoki, emakumeek osatu dute, emakumeek eta haiek egin izan dituzten zaintza-lanek; ez-hiritarren eremua da, hainbatetan eztabaidatu duguna eta historikoki pribatuaren (edo, hobeto esanda, etxekoaren) munduari lotuta egon dena. Ez badugu lan horiek badaudela aitortzen, eta horrez gain, ez badugu aitortzen horien ikusezintasuna bera dela sistema ugaltzeko ezinbesteko baldintza, gure aldarrikapenek izozmendiaren ageriko zatian hobekuntzaren bat baino ez dute ekarriko: igoeraren bat merkataritza-hierarkian, beste batzuen ikusezintasunaren lepotik. Gaur emakume exekutibo arrakastatsu bat gailurrera hurbildu bada, emakume etorkin batek izango du bertako lurrari argizaria emateko ardura.

Bizitzaren iraunkortasunari buruz hitz egitea lan guztiak berreskuratzea da, lana enplegua baino askoz gehiago dela esatea eta emakumeek historian egindako ekarpenak berreskuratzea, ez gizonen lantzat jotako ordaindutako lanaren antzekotasunetik abiatuta, ekarpen horiek duten berezitasunetik eta biziaren logikarekiko duten hurbiltasun handiagotik abiatuta baizik. Eta hor, zaintzaren etikaren tranpa datorkigu, gure emantzipazio diskurtsoetan, hainbatetan eta hainbatetan, lantzeari uko egin diogun gaia. Abiapuntura itzuli gara edo bidea beste modu batean planteatzen lagunduko diguten tresnak eta esperientziak bildu ditugu? Krisi-uneak bizi ditugu; lanen gizarte-banaketa —publikoaren eta pribatuaren arteko zatiketari hain estu loturik dagoena— krisian dago. Ausartu gaitezen unea aprobetxatzen, gure ideia eroak botatzeko, okerrak agian, baina beti saiakuntzakoak. Baina ez gaitezen kanpoan gelditu. Ez dezagun pentsatu elkarrekin bizitzeko moduak eta sexualitateak eta genero-nortasun egokiak/onartuak zalantzan jartzea ekonomiaz gaindikoa denik, ez dezagun hori egin ongi baitakigu, esaterako, ohiko familia nuklearra izozmendia mantentzen duen gizarte-azpiegituraren ardatz nagusia izan dela. Pertsonala politikoa da…, eta ekonomikoa. Baina aldarrikapenak mundu publikoan eta merkataritzakoan oinarritzen dituen emantzipaziorako diskurtsoa ere ez da nahikoa, emakumeok ikusi baitugu publikoak beharrezkoa duela ikusezina den pribatua. Hitz egin dezagun ekonomiaz, hitz egin dezagun bizitzaren iraunkortasunaz eta zaintzez, hitz egin dezagun egunerokotasunaz. Ekonomia horixe delako, eta ez egunkarietako orri laranjetako gizatasunik gabeko makrozifrak, magnitude ulergaitzak. Horiek guztiak, onenean ere, eguneroko bizitzako ekonomia islatzeko baino ez dute balio eta, kasurik txarrenean, ekonomia desitxuratzeko.
  Círculo Solidario Euskadi · Euskadiko Elkarbidea
c/ Ramón y Cajal 43, lonja · 48014 Bilbao (Bizkaia) · 94 475 49 07 · info@cseuskadi.org
Araba: Casa de Asociaciones Simone de Beauvoir
c/ San Ignacio de Loyola, 8 - 3ª - sala 2· 01001 Vitoria - Gasteiz (Araba) · araba@cseuskadi.org
Gurenet Teknologia, S.L.: Diseña y desarrolla mujeresconvoz.org