 |
| Ximena Antillón gizarte-psikologo da, laguntza psikosozialean eta
Palanqueko Emakumeei Laguntzeko Etxearekin lankidetzan, emakumeekin egiten du lan (Mexiko). |
|
| Emakume zapatisten partaidetza politikoa |
| "Iraultzaren barruko iraultza" |
 |
| (Argazki: Adolfo López) |
EZLNren lehen altxamendua
1994. urteko urtarrilean, Chiapasen izandako indigenen altxamendu zapatista baino hilabete eskas lehenago, Komandanteorde Marcosek Askapen Nazionaleko Armada Zapatista (EZLN) izenekoaren lehen altxamendutzat hartu zuena, 1993. urteko martxoan izan zena, irakurri zuen komunikatu batean1. Egun hartan, emakume tsotsil batek, Susanak, Comité Clandestino Revolucionario Indígena asanbladaren aurrean “Emakumeen Legea”, irakurri zuen, komunitate indigena askotan kontsulta egin ondoren, milaka emakumek abalatua. “Emakumeen Legea” izendatutako lege haietan, zenbait oinarrizko eskubide onartzen ziren; esate baterako, bikotekidea aukeratzeko eskubidea, eta, hala ere, benetako iraultza izan zen komunitate indigenentzat.
Emakumeak ez gara gerrako harrapakin
| “Emakumezkoek iraultzan ere parte hartzen dutenez, eta kargu politiko eta militarretan ere aritzen direnez, emakumezkoen espazio tradizionala zalantzan jarri da, eta emakumeei buruzko usadio eta ohitura indigenak ere bai” |
EZLNren laguntza-oinarri izan diren emakume indigenek oso modu berezian jasan dute gobernu mexikarrak abian jarritako matxinadaren aurkako estrategia. Emakumeek ezin dute, lehen bezala, eguneroko bizimodua egin, estatuaren militarizazio eta paramilitarizazioaren eraginez; beldurrak bizi dira, komunitate autonomoen kontrako zurrumurruak eta mehatxuak direla-eta; militarren eta paramilitarren bortxaketen biktimak dira. Askotan, bestalde, emakumezkoek egin izan diete aurre komunitateetan sartzen ziren militarrei. Horrek guztiak, sufrimendua ekarri die emakume askori; baina , aldi berean, emakumeen zeregina indartu egin da, komunitateetan beretan zein erakunde zapatistan. Horrezaz gain, emakumezkoek iraultzan ere parte hartzen dutenez, eta kargu politiko eta militarretan ere aritzen direnez, emakumezkoen espazio tradizionala zalantzan jarri da, eta emakumeei buruzko usadio eta ohitura indigenak ere bai.
Emakumeen partaidetza politikoa
Emakume zapatistak antolatu egin dira, gaurdaino, iraultza emakume guztien etxeetatik eta komunitate guztietatik pasa dadin eskatzeko. Komunitatearen zereginetan eta erakundearen zereginetan parte hartzeko eskubidea eskatu dute emakumeek; baina, aldi berean, berek egiten dituzten etxeko lanak eta ugalketa-zeregina aldarrikatu dituzte, “erresistentziaren indarra”2 baita haientzat. Comité Clandestino Revolucionario Indígenako kide Esmeraldak3, horri buruz esan zuen: “borroka honi eutsi diogunak gara, xigorkiak4 prestatzen baititugu gure bikotekideek hainbat lanetan parte har dezaten, eta, gu, bien bitartean, soroetan geratzen gara laguntzen.”
| “Emakume guztiak esnatzea nahi dut eta antolatzeko beharra beren bihotzetan zabaltzea. Besoak gurutzatuta ditugula ez dugu guztiok amesten dugun Mexiko askea eta bidezkoa eraikiko” |
| Komandante Ramona |
Emakumearen partaidetza oso garrantzitsua izan da borroka zapatistarentzat. Duela gutxi hildako komandante Romana, zapatismoaren pertsonaia nabarmenetako bat izan zen. Zapatisten berri eman zuen nazio-mailako zenbait foru eta mugimendutan. 1995. urterako, komandante Romanak adierazten zuen emakumeek antolatu egin behar zutela gizartea aldatzeko: “Emakume guztiak esnatzea nahi dut eta antolatzeko beharra beren bihotzetan zabaltzea. Besoak gurutzatuta ditugula ez dugu guztiok amesten dugun Mexiko askea eta bidezkoa eraikiko”5.
 |
| (Argazki: Adolfo López) |
Emakumeentzat ez da erraza izan erakundearen barruan lekua aurkitzea. Gauza berriak ikasi behar izan ditu emakumeak, eta, aldi berean, emakumeek erakutsi behar izan dute gai direla gizonezkoek bete ohi dituzten zereginak betetzeko. Horrela zioen Caracol 2 izeneko emakumeen batzordeko kide Magdalenak, Oventiken ospatutako Herri Zapatisten eta Munduko herrien arteko topaketan6.
Gauza berriak egiten eta ikasten saiatu gara, guretzat den-dena berria baita, orain arte ez genuelako inoiz horrela egin, baina gauzak egiteko gai garela ohartu gara; ez da egia emakume izateagatik ezin ditugula zenbait gauza egin, emakumeak garelako haurrak erditu baino ezin dugula egin, hori ez da egia; izan ere, konturatu gara lanak egin ditzakegula, emakume gisa antola gaitezkeela, eta lan askotan parte har dezakegula7.
Emakume zapatistek osasun- eta hezkuntza-sustatzaile gisa parte hartu zuten, eta, horrezaz gain, zapatisten 5 caracoletan agintari autonomoen eta agintari militarren
karguetan aritu ziren. Eskulangileen kooperatibak ere antolatu zituzten emakumeek, beren produktuei bidezko prezioa ezartzeko eta haien bizi-baldintzak hobetzeko.
Erronkak: Oso barneratuta daukate emakumeen lekua sukaldea dela eta gizonezkoek ezin dutela sukaldean lagundu.
Emakumeek politikan parte hartu ahal izateko oztopo nagusietako bat honako hau da: emakumeek berek hartzen dituzte beren gain etxeko lanak. Emakumezkoen erabateko partaidetza politikoa lortzeko erronka bat horixe da, etxeko zereginak bikotearen artean eta familiako kideen artean banatzea.
Egiten ditugun lan guztietan, beti egiten dugu topo arazoekin eta trabekin; esate baterako, etxeko lanek, askotan, etxetik irtetea eragozten digute, haurrak zaindu behar ditugulako, animaliak zaindu behar ditugulako eta beste gauza askorengatik, eta, gainera, gizonek ez digute ia batere laguntzen, edo borrokarekin duten konpromisoagatik haiek ere beren zereginak izan dituzte8.
| “Emakumeek beren komunitateetatik alde egiten dutenean, esamesei, kritikei eta irainei aurre egin behar izaten diete. Esamesa horiek emakumeak kontrolpean edukitzeko modua da, eta, batetik, emakumeen eremu pribatuaren gizarte-araua defendatzen dute, eta, bestetik, gizonezkoen eremu publikoarena” |
Emakumezkoen politika-jarduerek berekin dakarte komunitateetatik alde egin beharra, bileretara joateko edo trebakuntza-saioetara joateko. Emakumeek beren komunitateetatik alde egiten dutenean, esamesei, kritikei eta irainei aurre egin behar izaten diete. Esamesa horiek emakumeak kontrolpean edukitzeko modua da, eta, batetik, emakumeen eremu pribatuaren gizarte-araua defendatzen dute, eta, bestetik, gizonezkoen eremu publikoarena. Hori guztia aldatzea da prozesu makalena eta zailena, horregatik emakumeen borroka deitu izan da “iraultzaren barruko iraultza”. Hala ere, beren partaidetzaren bitartez, emakumeek eremu berriak zabaltzen jarraitzen dute datozen emakumezkoen belaunaldientzat. Horrela zioen Esmeraldak:
 |
| (Argazki: Adolfo López) |
Ez da erraza, oraindik ere matxismoa existitzen delako, eta guk emakume gisa parte hartzen dugunean, gizonak etxea eta seme-alabak zaintzen geratzen direnean iraindu egiten gaituztelako. Eta, gainera, zenbait adiskideri ere zaila egiten zaio ulertzea, eta, batzuetan, oztopoak aurkitzen dituzte gu gogogabetzeko. Baina ez gara haiekin liskarrean arituko, egintzen bitartez erakutsiko diegu egiten ari garena hoberena dela gure etorkizunerako, gure seme-alaben etorkizunerako, eta ziur gaude egunen batean ulertuko gaituztela eta haien laguntza izango dugula (...). Ulertzen ditugu gure ahizpak eta emakumezko adiskideak, hori guztia ulertzea nekeza baitzaie, urte askoan engainatu egin gaituztelako; horrexegatik dute hain barneratuta emakumearen lekua sukaldea dela eta gizonek ez dutela sukaldeko lanetan lagundu behar. Horregatik da gogorra emakume batzuentzat irtetea, irainen beldur direlako. Horregatik, agian, konturatu dira gutxi batzuk garela, baina komunitateetan asko gara9. |
1 Jardunaldia, 1994. urteko urtarrila
2 Batzordeko kide Gabrielak esandakoa, Herri Zapatisten eta Munduko herrien arteko topaketan izan zen Emakumeen Mahaian; 2006ko abenduaren 31, Oventiken, Chiapas. Han esandakoak eskuragarri daude helbide honetan: www.zeztainternazional.org
3 Esmeraldak esana, Herri Zapatisten eta Munduko herrien arteko topaketan izan zen Emakumeen Mahaian; 2006ko abenduaren 31, Oventiken, Chiapas. Entzungaiak eskuragarri helbide honetan: www.zeztainternazional.org
4 Xigorkia arto-irinarekin egindako orea da, eta lehortzen jarrita deshidratatu egiten denez, zenbait egunetarako gorde daiteke. Ogiaren tankerakoa da, eta erresistentziaren ikurra da xigorkia, askotan hari esker iraun baitute bizirik, eta komunitatetik alde egiten dutenean, jende askoren elikagaia delako ere bai.
5 Ramonaren mezua, 1995eko urtarrila. Lovera, S. eta N. Palomo (koordinatzaileak). Las alzadas. Convergencia Socialista. Mexiko. Bigarren argitalpena, 1999, 302-303 or.
6 2006ko abenduaren 30etik 2007ko urtarrilaren 2a arte ospatu zen Herri Zapatisten eta Munduko herrien arteko topaketa, Oventikeko Caracolean, Altos de Chiapas eskualdean. 2.000 lagun baino gehiago eta kolektibo asko bildu ziren, zapatisten laguntza-oinarriekin eta Buen Gobiernoko Batzarretako ordezkariekin, nork bere borrokei buruzko esperientzien berri elkarri azaltzeko.
7 Magdalenak esana, Herri Zapatisten eta Munduko herrien arteko topaketan izan zen Emakumeen Mahaian; 2006ko abenduaren 31, Oventiken, Chiapas. Han esandakoak eskuragarri daude helbide honetan
: www.zeztainternazional.org
8 Ídem
9 Esmeraldak esana, Herri Zapatisten eta Munduko herrien arteko topaketan izan zen Emakumeen Mahaian; 2006ko abenduaren 31, Oventiken, Chiapas. Entzungaiak eskuragarri helbide honetan: www.zeztainternazional.org |
|