Versión en castellano >>>
Emakumeen partaidetza sozial eta politiko eraginkorraren aldeEmakume zapatisten partaidetza politikoa Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sarea Nikaraguako Venancia Taldea Emakumezkoen agendak Udalerri bidezkoagoen eta demokratikoagoen eraikuntzaSaharako emakumeak politikan parte har dezaten eta politika-prestakuntza izan dezaten laneanZure iritzia interesatzen zaigu!
Basauri, Ermua, Ondarroa eta Getxoko udaletako
Berdintasun arloek sustatutako eta kudeatutako proiektua.

Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sarea
Emakumeek politikan eta gizartean parte har dezaten bultzatzeko
Jabekuntzarako Eskolen sarea proiektua Basauri udalerrian sortu zen, 2003. urtean, udaleko Berdintasun Arloak sustatuta; emakumezkoek politikan eta gizartean parte har dezaten bultzatzeko, esperientzia gisa sortu zen; bertan, dagoeneko taldeetan elkartuta daudenek, talde handiak zein txikiak eta edozein direla jarduera-eremuak, interesak eta helburuak, eta antolatuta ez dauden emakumeek parte hartzen dute.

Ermua, Getxo eta Ondarroa udalerrietako ezaugarriak berberak ez badira ere, eta beren artean desberdintasunak badaude ere, teknikariak bat zetozen helburuan; hau da, emakumezkoek politikan eta gizartean parte har dezaten bultzatzeko beharrean, eta, horrela, 2004. urtean, emakumeentzako Jabekuntza eskolen Sarea osatu zen.

Errealitatea aztertu ondoren, garbi dago emakume antolatuak badirela, baina elkarte gehienak kultura- eta gizarte-eremuetan aritzen dira, eta oso gutxi dira, ordea, beren burua feministatzat definitzen dutenak eta eremu politikoagoetan eta aldarrikapenezkoagoetan jarriak dituztenak helburuak.


Zer helburu ditu emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak?

“Emakumeen Jabekuntzarako estrategia eta kontzeptua bera norbanakoa denetik kolektiboa denera eta eremu pribatutik publikora dagoen prozesurako oso garrantzitsua da; izan ere, horri esker barneratzen ditugu ezaguerak, trebetasunak eta jarrerak —burujabetzakoak—, gure errealitatea eta munduan betetzen dugun zeregina kritikoki aztertzeko, eta hori hobetzeko beharrezkoak diren urratsak emateko”
Abiapuntuko egoeran gabezia asko daude, sexu-genero sistemak lan nekeza jarri digulako emakumeoi, eta, bestalde, berdintasunerako politikek antolatutako ekintzak eta proiektuak, askotan, "emakumezkoak entretenitzeko jarduera" gisa interpretatu direlako, "emakumeen jabekuntza" lortze aldera antolatutako proiektutzat hartu beharrean. Elkarte gehienen jarduerak gizartearen eta kulturaren eremuan gauzatu dira, eta oso gutxi feminismoaren eremuan; hau da, gizarte- eta politika-ekintzen eremuan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko gizartea aldatzea helburu dutenak.

Nahiz eta udalen esku hartzea, askotan, emakumeen aisialdia eta denbora librea betetzeko izan eta hori lortze aldera antolatu dituzten prestakuntza-jarduerak, Jabekuntza Eskola ez da —inola ere— horretarako espazioa: proiektu honetan, prozesu geldoa da eta ez hain bat-batekoa; ahalmenetik konpromisora doan bidean aurrera egiteko urratsak ezartzen dira.

Horregatik guztiagatik onartzen ditugu, emakume feministak eta berdintasunerako eragile garen aldetik, garrantzi estrategiko handia dutelako, oinarrizko bi helburu: Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaz ohartaraztea, eta politika publikoetan emakumezkoek gizartean eta politikan aktiboki parte hartzea, baita erabakiak hartzerakoan ere; horrela, berdintasun eraginkorra eta benetakoa lortze aldera urratsak ematea lortuko baitugu.


Zer onura dakartza sarean lan egiteak?

Esperientziak, hausnarketak eta ezaguerak denon artean trukatzeko eta baliabideak hobeto aprobetxatzeko aukera gehiago ematen dizkigu Sarean lan egiteak; Eskola formatuak, proiektuak irauten duen denbora guztian, garrantzi handia du parte-hartzearen prestakuntza-gaitasunerako; eta, azkenik, emakumeen Jabekuntzarako estrategia eta kontzeptua bera norbanakoa denetik kolektiboa denera eta eremu pribatutik publikora dagoen prozesurako oso garrantzitsua da; izan ere, horri esker barneratzen ditugu ezaguerak, trebetasunak eta jarrerak —burujabetzakoak—, gure errealitatea eta munduan betetzen dugun zeregina kritikoki aztertzeko, eta hori hobetzeko beharrezkoak diren urratsak emateko.


Eskolen Sareak lortu al du emakumezkoek gizartean eta politikan gehiago parte hartzea? 

Gizartean eta politikan parte hartzeko proiektuaren gure definizioa oinarri hartuta, esperientzia lantzen ari diren udalerrietan emakumezkoen partaidetza areagotzea lortu dela pentsatzen dugu, udalerrien artean desberdintasunak izan direla kontuan hartuta.

Alde horretatik, proiektuan parte hartzen duten udalerrietan, gizartean eta politikan emakumezkoen partaidetza areagotzearekin zerikusi zuzena duten zenbait lorpen nabarmendu nahi ditut:

• Emakume askok parte hartu dute; guztira, 650 emakume lau udalerrietan.
• Elkarteetan parte hartzen ez duten emakumeentzat Jabekuntza Eskola erreferentzia-espazioa da eremu publikoan gaitzeko eta parte hartzeko.
• Kontzientzia feminista eta elkarte soziokulturaletako kide diren emakumeengan desberdintasunak daudelako kontzientzia areagotu egin da.
• Ikasleek berek antolatu dituzte ikastaroak, eta Eskolaren esparruan kudeatu dituzte.
• Bi udalerritako Berdintasun Planak egiten parte hartu dute Eskolako zenbait ikasle-taldek.


Mugak edo zailtasunak izan dituzue emakumezkoek parte hartzeko?

“Oraindik ere badago emakumezkoen denbora librea edo aisialdia etxeko zereginekin eta/edo ugalketarekin lotzen duenik (sukaldeko eginbeharrak, joste-lanak, erosketak, parkera irten haurrarekin...)”
Zailtasun batzuk izan dira, eta zerikusi zuzena dute egiturazko desberdintasunarekin.

Benetan gertatzen dena da emakumezkoek dituzten oztopoak zerikusi zuzena dutela emakumezkoei ezarri zaizkien rol tradizionalekin, mendekotasuna duten pertsonen zaintzarekin lotura duten eginbeharrekin, hain zuzen ere. Alde horretatik, galdetegietan eta ikasle-taldeetan zenbait emakumek baieztatzen dute beren senarra/bikotea edo semeak "zaintzen" dituztela, nahiz eta adinez nagusi izan eta inolako minusbaliotasunik edo gaixotasunik ez izan...., eta, jakina, beste emakume batzuek zaintzarako laguntza-zerbitzuak gutxi direla eta gehiago behar direla adierazten dute (haurrak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko), prestakuntzan eta Eskolak antolatutako jardueretan aktiboki parte hartu ahal izateko, baita beste talde eta elkarte batzuek antolatzen dituztenetan ere.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar oraindik ere badagoela, gero eta gutxiago, emakumezkoen denbora librea edo aisialdia etxeko zereginekin eta/edo ugalketarekin lotzen duenik (sukaldeko eginbeharrak, joste-lanak, erosketak, parkera irten haurrarekin...).

Badira bestelako zailtasunak ere; esate baterako, zenbait emakumek eta elkartek proiektuko eskola beren jardueren lehiakide gisa hartu dute (kultura-jarduerak antolatzen dituztenak, denbora librea betetzearekin zerikusia dutenak...); hala ere, alde horretatik, aurrerapen positiboak ere gertatu dira, jabekuntzarako eskolaren helburuak eta metodologia ezagutu dituzten neurrian.


Emakumezkoak prestatu eta, ondoren, haiek parte hartzera dagoen urratsa ematea nekeza izan daiteke, nola egiten diozue aurre zailtasun horri?

Une honetan bertan, zenbait ibilbide zehazten saiatzen ari gara, eskolan prestatzen ari diren emakumezkoek parte hartzeko eremuak izan ditzaten. Hau da, bakarka ikasi dituzten erremintak eremu publikoan abian jartzeko aukera izan dezaten. Aldi berean, ikasleen eta dagoeneko osatuta dauden partaidetza-taldeek izan dituzten autokudeaketa-esperientziak bultzatzen eta sendotzen saiatzen gara.

Bestalde, eskolan eskaintzen den prestakuntzarekin zerikusia duten alderdiak berriz diseinatu ditugu. Prestakuntza-ildoak diseinatu dira —ez dira berberak udalerri guztietan— (Feminismoa eta gizartean eta politikan partaidetza; Emakumezkoen nortasuna eta subjektibotasuna; beste kultura batzuetako emakumezkoekin lankidetza eta trukea; kultura berriz definitu; Komunikazioa), esku hartu nahi dugun eremua oinarri hartuta, eta, horrela, kontzientzia bultzatu ahal izateko. Ildo horien guztien helburuak eta edukiak zehazten laguntzen digu, eta proiektuaren helburu orokorrekin bat datozen prestakuntza-eskaintza gehiago zehazten ere bai; Izan ere, helburu orokorrak dira: emakumezkoen eta gizonezkoen artean desberdintasunak daudela ohartarazi eta emakumeek gizartean eta politikan parte hartu dezaten lagundu.


Zen da une honetan erronkarik handiena Jabekuntza Eskolen sarearentzat?

Proiektua bera konplexua da, baliabide ekonomikoak eta materialak eta giza bitartekoak behar direlako; beraz, horregatik guztiagatik, nahitaezkoa da laguntza politikoa, gehienetan gutxi parte hartzen duten herritarrak politikoki ordezkatzera ohituta dauden zenbait erakunderena. Proiektuaren erronketako bat, hain zuzen ere, horixe da: proiektua sendotzea, eta izan daitezkeen aldaketa politikoek ahalik eta gutxien eragitea. Beste erronketako batek, demokrazia partehartzailea sustatzearekin du lotura zuzena; hau da, administrazioek beren gain hartzea hiritarren legitimotasuna, politika publikoak kontrolatzeko, haiei jarraipena egiteko eta horietan parte hartzeko.

Egun, Jabekuntza Eskolen Sareak, interesa duen proiektu gisa, bilakaera handia izan du eta sendotu egin da, eta ohartu gara balio handikoa dela, bai proiektua bera, bai haren asmoak. Une honetan, Bizkaian izandako esperientzia oinarri hartuta, Gipuzkoako Sarea eratu da, eta, bertan, Arrasate, Eibar, Hernani eta Irun udalerriek hartuko dute parte.
  Círculo Solidario Euskadi · Euskadiko Elkarbidea
c/ Ramón y Cajal 43, lonja · 48014 Bilbao (Bizkaia) · 94 475 49 07 · info@cseuskadi.org
Araba: Casa de Asociaciones Simone de Beauvoir
c/ San Ignacio de Loyola, 8 - 3ª - sala 2· 01001 Vitoria - Gasteiz (Araba) · araba@cseuskadi.org
Gurenet Teknologia, S.L.: Diseña y desarrolla mujeresconvoz.org