Versión en castellano >>>
Emakumeen partaidetza sozial eta politiko eraginkorraren aldeEmakume zapatisten partaidetza politikoa Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sarea Nikaraguako Venancia Taldea Emakumezkoen agendak Udalerri bidezkoagoen eta demokratikoagoen eraikuntzaSaharako emakumeak politikan parte har dezaten eta politika-prestakuntza izan dezaten laneanZure iritzia interesatzen zaigu!
Ruth Marina Matamoros,
Nikaraguako Venancia taldeko kide.

"Nikaraguan, emakumezkoen partaidetza politikoa oso aktibo dago"
Nikaraguako ipar-erdialdean daude, Matagalpan, eta Nikaraguako emakumezkoen mugimendu autonomoaren zati dira; autonomo izateak esan nahi du, kasu honetan, ez daudela inolako alderdiren mende, ezta inolako erakunderen balioen mende ere.


Nolakoa da, egun, emakumezkoen partaidetza politikoa Nikaraguan?

Nikaraguan, emakumezkoen partaidetza politikoa oso aktibo dago. Gure ustez, politikan parte hartzeko modu asko daude.

Botere formalari dagokionez, parte hartzeko modu bat da, baina gizarte zibileko erakundeek eta emakume-mugimenduek ere politikan parte har dezakete, politikak esparru asko hartzen baititu bere baitan. Martxak edo plantoak egiten ditugunean, jarduera kulturalen bat antolatzen dugunean eta gure asmoak ezagutzera ematen ditugunean, politikan parte hartzen ari gara. Merkataritza Libreko Tratatuak (TLC) aurkezteko eztabaida-fororen bat egiten dugunean, herrialdeko ekonomiari nola eragiten dion eta emakumeei zuzenean nola eragiten dien eztabaidatzeko, esaterako, politikan parte hartzen ari gara.

Guretzat garrantzi handia duten zenbait gairi buruz sentsibilizatzea da helburua; esate baterako, emakumezkoen edo neskatxoen aurkako biolentzia ez onartzeari buruz, alderdi jakin baten aldeko botoa ematerakoan jendeak eskubidea askatasunez eta naturaltasunez egikaritzea bultzatzeari buruz...

Emakumeok hori nahi dugu aldatu eta jendea animatu egin nahi dugu, eta, esan, parte hartzen dugun bakoitzean ustelkeria murrizten dugula, besteenaz jabe egin diren politikarien boterea murrizten dugula
Zenbaitetan, jendea oso pasiboa izan daiteke, politikariek egiten dituzten promesekin aspertuta daudelako, zenbait arlotan herriak aurrera egin beharrean atzera egin dezakeela ikusteaz nekatuta dagoelako. Esate baterako, azken hauteskundeetan parte hartzeko, jendeak motibazio-falta handia zuen; guk, emakumeok, esaten genuen: “Parte hartu behar da, eta zure eskubideak defendatuko dituela pentsatzen duzun edo sentitzen duzun hautagaien aldeko botoa eman behar duzu”.

Emakumeok pentsatzen dugu alderdi politikoek ez dutela berez dagokien zeregina betetzen; hau da, ez dira Gizarte Zibilaren eta Estatuaren arteko elkarrizketa-zubi, eta nor bere alderdiaren interesetan oinarritzen dira.


Politikan parte hartzea ez da botoa ematera mugatzen, eremu asko hartzen ditu bere baitan politikak. Politikan parte hartzeko, zer estrategia ditu Venancia Taldeak?

Pertsonen partaidetza politikoa bultzatzearekin zerikusia duten kanpainak antolatzen ditugu. Egungo pasibotasuna areagotu ez dadin antolatzen ditugu, jendeak erabat etsita esaten baitu “egiten dudana egiten dudala, politikarien jarrera ez da aldatuko”. Emakumeok hori nahi dugu aldatu eta jendea animatu egin nahi dugu, eta, esan, parte hartzen dugun bakoitzean ustelkeria murrizten dugula, besteenaz jabe egin diren politikarien boterea murrizten dugula.

Nikaraguako udal-erakundeetan ere osatu dira genero-ekitatea helburu duten batzordeak, eta, horietan, emakume-sareak parte hartzen du. Funtzionario diren emakume-talde batzuek Emakumeen Idazkaritza sortu dute erakunde-mailan, eta duela gutxi arte ez zen gure artean horrelakorik. Emakumezkoek politikan parte hartzeko moduak dira horiek.

Udalerriko alkatearen araberakoa izaten da emakumeok egin dezakeguna; baina, nire ustez, hoberena da gero eta gune edo ate gehiago zabaltzen ari direla emakumezkook parte har dezagun. Antolatuta dauden emakumeek ere parte hartzen dute koordinatzaile gisa beren komunitateetan, auzoetan eta kabildoetan; beren udalerrirako nahi dutenari buruzko iritziak ematen dituzte haiek, eta, gero, iritzi horiek kontuan hartu edo ez, udal-erakundeetan erabakiak hartzeaz arduratzen direnen borondate politikoaren baitan dago. Estatuarekiko elkarrizketa-eremu horietan parte hartzen duten emakumeak badira, eta emakume-mugimendu sendoa dagoen bitartean, emakumeok ez gara isilik geratuko, ustelkeria-jardueretan ari diren politikariak eta emakumezkoen giza eskubideak urratzen dituzten politikariak kritikatzen jarraituko dugu. Gure leloetako batek honela dio: “Demokrazia herrian, etxean eta ohean”.


Nolako garrantzia du prestakuntzak eta trebakuntzak partaidetza politikoa bultzatzerakoan?

Gure leloetako batek honela dio: “Demokrazia herrian, etxean eta ohean”
Venancia taldean 1994. urtean hasi nintzenetik konturatu naiz zein garrantzitsua den prestakuntza. Eta ez prestakuntza politikoa bakarrik, alderdi pertsonala lantzea ere garrantzitsua da, horrek ere alderdi politikoa baitu. Eta gero emakumeon artean hitz egin, eta gure gizarteari nola eragiten dion ikusi. Foro eta eztabaida politikoak egiten dira, eta gure bizitzetan eta gure gizartean gertatzen ari denaz azterketa politikoa egiten saiatzen gara. Eta emakumeok horri aurre nola egiten diogun ere bai. Horrelakoak egiten ari garenean, emakumeon artean ere kontraesanak izaten dira. Ez gara pentsatzeko modu bakarrekoak, ezta pentsaera erabat uniformekoak ere.

Gure helburu nagusia hau da: autonomo izan ahal izatea, gure taldeak autonomoak izatea, gu ez manipulatzea, interes politikoen eta alderdien interesen bidez.

Nikaraguan, iaz, hauteskunde orokorrak izan ziren, eta Matagalpako emakume-sareak hauteskunde-eperako lelo bat asmatu zuen: “leialak gure eskubideak bakarrik dira, gu ez gara hauteskunde-merkantzia”; hau da, gure botoak ezin dituztela erosi esan nahi genien.


2006. urteko hauteskunde orokorretan, Emakumeen Mugimendu Autonomoak bat egin zuen Sandinismoa Berreskuratzearen aldeko Mugimenduarekin, nola sortu zen aliantza?

Sandinismoa berreskuratzearen aldeko mugimendua iraultzako zenbait komandantek osatzen dute, Daniel Ortegak eta Fronte Sandinistak politika egiteko duten modutik aldendu direnak. Elitistatzat jotzen dute batzuek; baina, gure ustez, jendeak oraindik iraultzan jarria du itxaropena, eta iraultza sandinista nolabait ordezkatzen dutenen alde dago. Emakumeen Mugimendu Autonomo garenez, ez genuen alderdiaren mende jarri nahi, harekin batera egon nahi genuen. Eta 3 diputatu feminista irten ziren aliantza hartatik.

Sandinismoa Berreskuratzearen aldeko Mugimenduak guretzat oso garrantzitsuak diren 5 puntu defendatzeko konpromisoa hartu du: Instituzionaltasun demokratikoa ezarri; Estatu laiko bat lortu; genero-berdintasun eta genero-demokrazia eraginkorra lortzeko Estatu-politika egin; justizia soziala lortu, garapenerako benetako nazio-estrategian islatzen dela, Errepublikaren oinarri orokorretan eta eskubideak bermatuko dituen Estatuan; eta biztanleria-politika egin, osasun sexualaren eta ugalketa-osasunaren beharrak eta eskubideak kontuan hartzen dituena.


Zer eragin izan zuen aliantzak emakumeen mugimenduan?

Emakumeen mugimenduaren barruan, kide batzuk ez zeuden ados Sandinismoa Berreskuratzearen aldeko Mugimenduarekin bat egitearekin, kanpotik egin beharrekoa zela pentsatzen baitzuten. Gutako batzuk, bestalde, esaten genuen orain arte egin duguna dela haiek ziotena, eta etekin handiak ez ditugula lortu. Beraz, estrategiaz aldatzeko garaia zela pentsatzen genuen, eta horretarako aukera ematen zigun alderditzat hartu genuenez, aukera aprobetxatu behar genuen.

Hauteskunde-garaian, zoritxarrez, desberdintasunek banaketa eragin dezakete; baina, ondoren, beste eremu batzuetan berriz ere bat egiteko aukera izan da, emakumeen eskubideen alde borroka egiten dugulako ezagutzen baikaituzte.

Gure ustez, iraultza ez da Daniel Ortegaren irudira mugatzen, iraultza irudikatzen zuen guztia galarazi baitu; aitzitik, nikaraguar guzti-guztien baitan iraultzak bizirik jarraitzen duelako itxaropena izaten jarraitu nahi dugu, iraultzarengan sinesten baitugu. Eta abestiak dioen bezala, oraindik ere kantatzen jarraitzen dugu, barre egiten jarraitzen dugu.
  Círculo Solidario Euskadi · Euskadiko Elkarbidea
c/ Ramón y Cajal 43, lonja · 48014 Bilbao (Bizkaia) · 94 475 49 07 · info@cseuskadi.org
Araba: Casa de Asociaciones Simone de Beauvoir
c/ San Ignacio de Loyola, 8 - 3ª - sala 2· 01001 Vitoria - Gasteiz (Araba) · araba@cseuskadi.org
Gurenet Teknologia, S.L.: Diseña y desarrolla mujeresconvoz.org