Versión en castellano >>>
Emakumeen partaidetza sozial eta politiko eraginkorraren aldeEmakume zapatisten partaidetza politikoa Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sarea Nikaraguako Venancia Taldea Emakumezkoen agendak Udalerri bidezkoagoen eta demokratikoagoen eraikuntzaSaharako emakumeak politikan parte har dezaten eta politika-prestakuntza izan dezaten laneanZure iritzia interesatzen zaigu!
Morena Herrera,
El Salvador herrialdeko Cuscatlango Departamenduko.

Udalerri bidezkoagoen eta demokratikoagoen eraikuntza
Lau udalerriren arteko ahalegina eta konpromisoa (Suchitoto, Cojutepeque, Tenancingo eta San Rafael Cedros): Etengabeko ikaskuntzarako; etenik gabeko koordinaziorako; oztopo eta lorpenetarako; proposamen politikoak egiteko, genero-ekitatea eta emakumezkoek beren eskubideak egikaritzea bultzatuko duten udalak eratzen lagunduko duten udal-kudeaketa helburu izango dutenak


Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzea, udalerrien zeregina ere bada?

Hain zuzen ere, gure ustez, erronka horrek zenbait alorrekin du zerikusia, eta horietako batek Estatuaren erreformarekin du zerikusia, deszentralizazioaren esparrukoarekin. Zenbait deszentralizazio-eredu izan ditzakegu; esaterako, zerbitzu publikoak eraginkorrak bihurtzean oinarritzen direnak; edo demokrazia eraikitzera bideratuago dauden deszentralizazio-prozesuen eredua, erakunde publikoak eraldatu, eta, udal-mailan, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunezko harremanak bultzatuko dituzten erakunde bihurtuko dituztenak, eta, beraz, erakunde demokratikoagoak izango direnak.

El Salvadorri dagokionez, udal-kodea berritzea lortu dugu, eta, ondorioz, udalek, legez, genero-berdintasuna helburu duten programak, proiektuak eta ekintzak sustatzeko eskumena dute. Oso prozesu luzea izan da. Gu, zehatz-mehatz, udal- eta komunitate-mailan aritzen gara, baina gogoan dugu garrantzitsua dela nazio-mailan eta osotasunean ere aldaketa izatea.


Genero-berdintasunaren aldeko Udalerriak proiektua, zertan datza?

Euskal Fondoak (Lankidetzarako Udal Erakundeen Euskal Elkartea) diruz laguntzen duen proiektua da; hasiera batean udalerri bakar baterako ekimena izan zen, eta, gero, hiru udalerrik osatu zuten proiektua. Hirurek betetzen zituzten aldez aurretik proposatzen genituen baldintzak: genero-berdintasunerako politikak onartua izatea eta emakumeen erakunderen bat izatea bertan. Udal-erakundeen ahalmenak indartzeko prozesua abian jartzean oinarritzen zen, onartutako politikak deklarazio sinatu soilak izan ez zitezen, eta tiraderaren batean ezkutuan gera ez zitezen.

Proiektua honetan datza: batetik, udaletxeei lanabesak ematean, kontzeptuen, politiken eta praktiken arlokoak, genero-berdintasunerako politikak abian jar ditzaten. Eta, bestetik, lanabes horietako bat, genero-berdintasunerako udal-unitateak, sortzean, beharrezkoak baitira, udalerri bertarako lan egin dezaten beste teknikari-talde batzuekin batera, eta unitate horiek genero-berdintasunerako irizpideak aplika ditzaten udal-kudeaketako eginkizunetan. Eta emakumezko gizarte-eragileen eta udalaren arteko negoziazioetan zubi-lanak egin ditzaten ere bai .


Zer baliabide dituzue?

“A urrekontuak nahitaezkoak dira, aurrekontu publikoetan islatzen ez diren politika guztiak hitz-jarioak baino ez dira, eta, zenbaitetan, kantu hutsa”
Baliabideei buruz dugun bestelako ikuspegi bat behar du politika-mota horrek, hori da gure abiapuntua; izan ere, batzuetan pentsatzen dugu baliabideek aurrekontuekin bakarrik dutela zerikusia. Jakin badakigu, aurrekontuak nahitaezkoak direla, aurrekontu publikoetan islatzen ez diren politika guztiak hitz-jarioak baino ez direla, eta, zenbaitetan, kantu hutsa.

Baina, bestalde, beharrezkoa da baliabideekiko beste ikuspegi bat izatea, udal-ahalmenekin lotura duen ikuspegia, ez bakarrik udalekoekin, baita herritarrek dituzten ahalmenekin ere, ingurumen-baliabideekin ere bai, lurraldearen potentzialtasun guztiekin.

Testuinguru horretan, proposamen zehatza da Euskal Fondoak ekarpen bat egitea eta udalak beste bat. Pixkanaka-pixkanaka lortzen ari gara funts publikoak eskura edukitzea, proposatzen ditugun zenbait jarduera abian jarri ahal izateko..


Emakumeen mugimenduaren eta udalen artean tentsioak daudela sentitzen duzu, aurrera egin ahal izateko oztopo dira? edo, aukera bihur daitezke?

Nire ustez, tentsioak ez dira zertan oztopo izan beti, bi erakunde desberdinen arteko harremanen eta interesen zati dira. Hasiera batean, tentsioa edo gatazka ez dut nahitaez txartzat hartzen. Are gehiago, tentsioren bat dagoenean, uste dut, alternatibak bilatu behar direla, eta horiek egiten dute aurrera egin ahal izatea.
Hain zuzen ere, oztopoak eta tentsioak alderdi politiko guztiekin izan ditugu. Esate baterako, proiektu honetan, 4 udalerrik parte hartzen zuten, eta, hasiera batean, lauretan ezkerrak (FMLN alderdiak) agintzen zuen. Hasiera-hasieratik saiatu ginen eskuinak agintzen zuen bi udalerrik ere parte hartzea gurekin, baina ez genuen lortu.
Hauteskundeak pasa ondoren, proiektuko udalerrietan aldaketak izan ziren, eta horietako bitan eskuinak hartu zuen zuzendaritza. Eta lau udal-erakundeetan alkateak aldatu zituzten. Ez dut ukatuko, hasiera batean guk ere sumatzen genuela arazo gehiago genituela eskuinak zuzentzen zuen udal-gobernuekin; izan ere, haientzat oso zaila zen ulertzea emakume-erakundeak ez zirela FMLN alderdikoak, baizik eta emakume-elkarte hiritarrak zirela. Artean, nabaria zen oztopo hori, eta gogor aritu gara lanean emakume-elkarteak beren udalerrietako solaskide egokitzat hartzeko.

Baina ezkerrak agintzen duen udal-gobernuekin ere izan ditugu oztopoak. Gogoan dut, udal bateko alkateak, aukeratu berria zen artean, esan zigula: “nik nahi dut zuek niri esatea, ahalegin honekin jarraitzen badut, zertan lagunduko didan 2009ko hauteskundeak irabazten. Eta, gainera, hemen egin behar baduzue lan, eginahalak egin beharko dituzue hauteskunde-kanpainan“. Eta, jarraian, guk hiru gauza erantzun genizkion: Lehenik eta behin, proiektu honek 2009ko hauteskundeak irabaztea ziurtatuko dizula uste baduzu, proiektu oso txiki bati eskatzen diozu hori. Bigarrenik, 2009ko hauteskundeak irabaztea ez dago proiektu honen baitan, baizik eta zuen gobernatzeko moduaren baitan, eta herritar guztientzat egin behar duzue lan, ez botoa eman zizutenentzat bakarrik. Eta, hirugarrenik, ona izango litzateke, ekitate-unitateetan lan egingo duten emakumeek hauteskunde-kanpainan zurekin bat egin zutela ikusteaz gain, profil egokia aurkitzeko lan egitea, erantzukizun hori bere gain hartuko duen pertsona bere zereginetarako gai izan dadin eta lan ondo egin dezan. Eta, horretan bai, lagun diezazukegu profil egokia osatzen.

Esan behar da, egoera nola zegoen ikusita, udal-erakunde guztiek aurrera egin dutela, baina tankera horretako oztopoak izan ditugu. Adiskideei esaten niena, udalerri honetan aurrerapenik lortzen badugu, zeru erdia irabazia dugu.


Proiektua abian jartzeak, zer aldaketa eragin die udalei?, horietatik, zein nabarmenduko zenituzke?

“Emakumeen ikuspegitik, eta, bereziki, feministen ikuspegitik, garrantzitsua da argi eta garbi izatea horrelako prozesuek ez dutela osatzen amesten dugun iraultza feminista. Baina, era berean, prozesu horiei ere dagokien balioa eman behar zaie, prozesu zehatzak diren neurrian,eta aldaketa txiki jakin batzuk eragiten dituzten neurrian; horiek, gure utopia feminista elikatzen baitute, eta hori ez da ahaztu behar. Batzuetan aurrerapen zehatz horiek ez ditugu kontuan hartzen, dena hankaz gora dagoela sentitzen dugulako, eta ez diegu behar adinako balioa ematen”
Nire ustez, arlo guztiak kontuan hartuta, alderdi garrantzitsuenetakoa, eta departamendu oso kontserbadorea izanik, eta, orokorrean, eskuinak agintzen duela gehienetan ahaztu gabe, esan liteke proiektuarekiko interes handia erakutsi dutela.

Aurten, nazioarteko emakumeen egunean, 12 edo 13 udalen parte-hartze aktiboa lortu genuen; ez zen ospatu emakumezko idazkarien edo amaren eguna balitz bezala, ez, emakumezkoen eskubideak aldarrikatzeko egun gisa ospatu zen, eta gogoratuz urteko 365 egunetan egon behar dutela indarrean eskubide horiek. Ikuspegi hori eman genion ospakizunari, eta udalek tokiko emakume-elkarteekin batera parte hartzea lortu genuen.

Bestalde, udalak eta tokiko emakume-taldeak elkarrekin hitz egitea lortu dugu, elkarrizketan aritzeko ahalegina egin dezaten eta gutxieneko lan-zerrenda ezar dezaten. Proposamenaren berri beste udalei ematean eta hedatzean ere, aurrerapenak izan dira.

Elkarteen artean loturak ezartzeko ahaleginean ere emaitzak lortu ditugu; genero-berdintasuna helburu duten gizarte-elkarteen kontseilu-batzordea sortu baita; hilean behin elkartzen dira udaletako elkarteak, eta elkarri esaten diote izandako arazoak, lorpenak... eta denen artean lan-zerrenda osatzen ari dira. Beste elkarte batzuekin loturak eta harremanak izan daitezkeela ohartzen diren elkarteak dira, udal-gobernuarekin zubi-lana egin dezaketela ere bai; elkar ezagutzen dute eta eremu berbera aprobetxatzen dute; nire ustez, hori ere lorpentzat har daiteke.
Genero-ekitatea lortze aldera politikak dituzten udalei dagokienez, esango nuke aurrerapenak izan direla, nahiz eta nik neuk gehiago aurreratzea nahi izan.


“Udalerri bidezkoagoen eta demokratikoagoen eraikuntza“ proiektuarekiko, zer erronka dituzue?

Udalek proiektuarekiko ahaleginak dakarren erantzukizun globala beren gain hartzea, gero eta gehiago. Hori da erronketako bat. Hau da, parte hartzen duten udalen artean transferentzia-prozesua izatea nahi dugu, bai gastuena, bai prozesuen orientabideena ere.

Agian, erronkarik handiena, proiektuak esperientzia berezia izateari uztea da, herrialdeko eta eskualdeko udaletxe guztietan gai arrunta izan dadin. Nolabait ere ohiko gaitzat hartzea lortzen ez badugu, eta udaletan horrelako ekimenak abian jartzea kanpoko laguntzen baitan geratzen bada, ez dugu aldaketa handirik lortuko eta eragina izango duen aldaketarik ez dugu izango.

Eta, bukatzeko, emakumeen ikuspegitik, eta, bereziki, feministen ikuspegitik, uste dut garrantzitsua dela argi eta garbi izatea horrelako prozesuek ez dutela osatzen amesten dugun iraultza feminista. Izan ere, amets hori indarrean jarri behar da, denon baitan egon behar du. Baina, era berean, prozesu horiei ere dagokien balioa eman behar zaie, prozesu zehatzak diren neurrian,eta aldaketa txiki jakin batzuk eragiten dituzten neurrian; horiek, gure utopia feminista elikatzen baitute, eta hori ez da ahaztu behar. Batzuetan, arazoa da aurrerapen zehatz horiek ez ditugula kontuan hartzen, dena hankaz gora dagoela sentitzen dugula esaten baitugu, eta ez diegu behar adinako balioa ematen. Ekitatezko harremanak lortzeko eraldaketa globala izango delako ametsa ez da galdu behar, baina ahalegin txiki horiek ere baloratu behar dira.
  Círculo Solidario Euskadi · Euskadiko Elkarbidea
c/ Ramón y Cajal 43, lonja · 48014 Bilbao (Bizkaia) · 94 475 49 07 · info@cseuskadi.org
Araba: Casa de Asociaciones Simone de Beauvoir
c/ San Ignacio de Loyola, 8 - 3ª - sala 2· 01001 Vitoria - Gasteiz (Araba) · araba@cseuskadi.org
Gurenet Teknologia, S.L.: Diseña y desarrolla mujeresconvoz.org